XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5 Ikastunitatea

BALDINTZAZKO ESALDIAK

Ikastunitate honetan, baldintza adierazteko zein forma erabil daitezkeen zehazten saiatuko gara.

Baldintza adierazteko moduak asko badira ere, oraingoan aztertuko ditugunak antzekotasun bat dute beren artean: aditz laguntzailearen aurrean BA partikula daramate.

Edozein modutan, eta baldintzazko esaldiei ekin aurretik, jakin egin behar duzu bi eratako BA formak aurkituko dituzula aditz laguntzailearen aurretik.

Ikusi:

1. Baiezkoa adierazteko: - Badakit nor izan den lapurra.

- Arantxak ere badu zer ikasi gugandik.

2. Baldintzazko esaldiena: - Lapurra harrapatzen badut, txikitu egingo dut.

- Baldin badakit, erantzungo dut, bestela isilik geratuko naiz.

Bietan BA hori aditz laguntzaileari lotua agertuko zaigu, baina erraza da bereiztea noiz den baldintzazko esaldia eta noiz ez.

Edo?

Euskaraz bi motatako aditzak aurkituko ditugu baldintza adierazteko:

1. Baldintza errealak: Indikatibozko aditzak erabiliz, orainaldian edo lehenaldian ekintza erreal baten berri ematen dute.

Gertatutakoa edo gertatu ahal zena, eta baita gertatu ahal dena nahiz eta gero benetan ez gertatu.

Adibidez:

- Esaten badidazu, neuk ere kontatuko dizut beste zerbait.

- Etorri bazarete, nahi izan duzuelako izan da.

2. Baldintza irrealak (hipotetikoak): Halakoetan, ez da gauza ziurra esaten dena gertatuko den ala ez, baina esan liteke ez dagoela gertatzeko aukera handirik.

Esaldia lehenaldian baldin badago, ordea, gertatu ez den zerbaiten berri emango du.

Adibidez:

- Datorren urtean dirurik izango banu, bazkaltzera gonbidatuko zintuzket.

- Iazko ikasturtean zorte hobea eduki izan banu, asignatura guztiak aprobatuko nituen.